Saudade

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Olaso Sopelana (Behargina) 2025ko urr. 24a, 08:00

Eskailerak jaisten hasi eta urriaren amaierara heltzen da hemen bat. Hilabeteak asteko egunak balira, ez dakit urria zer litzatekeen. Asteartea? Baina seguru durangarron pertzepzioa munduarenarekin erabat deskoordinatuta joango litzatekeela. Dena delakoagatik.

Hala ere, egunotako beroak udazkena bera ere ezustean atzeman du. Kolorez aldatzen hasi dira basoak, eta zeruko urdinari begira harrapatu gaituenez denok, are gorriago egotearen itxura hartu diegu.

Duela ez hainbeste, mugikorra praketako atzeko poltsikoan generamala, samba doinuak aireratzen genituen Lisboako galtzada-harri (adokinhoak lagunentzat) beroetan. Arratsalde laburragoak bazetozela jakinda, “saudade” hitz itzulezinaz berbetan luzatu ginen gaueko ordu txikitan: berogailurik gabeko pisuez, errepidean zanpatutako autoez, igandeez, eta batez ere, horren txikiak izanda ere, egiten ditugun ahalegin guztiez. Orduan, oroimenak, edo hobe, beldurrak sortutako malenkolia goiztiarra SuperBock batzuekin nahastu genuen. Dena datorrelako nahastuta bizitza honetan. Eta hiriko gargolek irribarre egin ziguten.

Udazkena heldu da eta Plateruena txosnagunetik begiratu dugu beste behin sentimenduen nahasketa portugaldarrarekin, galera, falta, distantzia, dolu eta maitasunetik. Durangoko Azoka ere iritsiko da eta normalitatea performatuz Ahotseneara joango gara. Eta agian, edozein plazer lasaigarri egingo zaigu. Disimulatu arren, Durangon dekadentzia ari baitu, birrindutako higiezin eta espekulazioarekin.

Eta Nafarroara bidean diren sei hartzek nola, agian guk ere pasarela klimatiko bat beharko dugu hibernazioan murgiltzeko. Galduz gero, abisatu, zure bila joango gara eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!