Rave bat Landakon

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Olaso Sopelana (Behargina)

Urteari urtea pilatu zaio. Gauden lekuan eta momentuan presente ez egotearen sentipena gailentzen ari da (orain disoziatzea esaten zaio). Baina egunak maitasunez dilatatzeko saiakeran gabiltza, orainak biharretik salbu iraun dezan, edo. Lanetik irtetean hilegi baigaude bizitzeko, baina bizitzari lotuegiak hiltzeko.

Soinuari haragian sartzen utzi eta dantza egiteko gogoa sartu zait azken egun hauetan. Ibilera sargoritsuaz aspertuta, gogaitasun atake batekin, urratsetik dantza pausora pasatzeko tentazioa sentitu dut. Eta oxala Durangoko plazaren batean, plazerraren aldarrikapen sinple bat topatu: musika pixka bat, berunik gabeko erritmoan. Baina zaila egiten da kaleotan ezer antolatzea eta rave erradikal batekin akordatu naiz.

Beats errepikakorren segidaren emisioa” debekatu zuen Margaret Thatcherrek 80ko hamarkadan Ingalaterran. Jarraian etorri zen legeak, The Criminal Justice and Public Order Act, giroa hirietako periferiara atera eta modu klandestino batean eratzea eragin zuen, besteak beste. Denbora batera, paradoxikoki, ebento horiek egiteko esparru pribatuak prestatu ziren, ordutegi eta dezibelio mugekin. Sarrera garesti eta kontrol zorrotzekin. Eguneroko grisa iraultzeko prefabrikazio monetizatuak, gaur egunera arte iritsi diren makrojaialdietaraino. Baina ezarritako limiteei muzin eginda, musikari eta musika zaleek bestelako kartografia posibleen bila jarraitu dute ravearen kulturan, festa edonon eta edonoiz muntatuta. 

Inor ezin da apur bat exajeratu gabe bizi, baina hemen kale giroa eta jaiak antolatzeko bizi ditugun mugak doktrina horretatik hurbil doazela dirudi. Eta orduan eszena bat irudikatu dut, posible denaren astinaldi bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!