Denontzat nahikoa toki dago eta ez gara gauden lekutik ateratzeko gai izan. Uneoro dago jana eta edana mahai gainean. Irratiak soinu banda osatzen du gure berbaldien azpitik, isiltasunaren beldur izango bagina bezala. Eguzki izpien beroa jaso dugu, edo beroa baino gehiago, argia da jaso duguna oraingoz... Baina domestikatutako arnasaren erritmoa baretu zaigu, estutasunak eta prisak sendatuz.
Badakigu, zereginen akumulazioaren errutina betean, bata dela edo bestea dela, zentzu gorenaren bilaketa aldiro oztopatu egiten zaigula. Jakin badakigu, asko fantasia autogeneratuetatik bizi garela bizitzaren politizazioaren gainbehera honetan. Eta jakina da, zailtasuna, orokorrean, neketsua dela eta min ematen duela. Ba al dago inor hemen honek ilusioa inspiratzen dionik?
Garai honek ezin baitio arinkeriaz gainproduzitutako ezer gehiagori eutsi, ezin dugu etengabe iraungitzen diren azaleko ideia eta praktikekin jarraitu eta jada ez da alegrantziaren alde egingo ez duenik kabituko.
Eta momentuari heldu nahian, biziraupen sen batetik, egoeraren balio erantsia birkalifikatzeko saiakeran hasi gara. Edertasunaren edozelako desitxuratzeak saihestu eta biharamunari zentzu osoago bat ematen jarraitu dugu. Eta kontzientziaz, baina batez ere pasioz, bizigogoa zurrutada batean edan dut, zurrup! Dena iristen da, gauza onak ere bai.