Antzera pentsatzen dugu hemen ere baina guk ez dugu ahots goran askotan esaten. Agian orain ez dakigulako lanera noiz sartu eta noiz irteten garen ere.
Eta mundu mailako nekearekin heldu gara ostiralera. Asteko bosgarren egunari ondo eutsi diogu, norbaitek eutsi behar ziolako. Garagardo bat gutxi da, bi gehiegi dira eta hiru ez dira inoiz nahikoak: bizitza xahutzeari ekin diogu elkarren alboan.
“Zer da ba inpotentzia, orpoen ordez, hankapean ezpainak josita dituzten ahoak izatearen inpresio hori ez bada?”, bota du albokoak. Ez dakigu Palestinaz, magnate teknologikoez edo eskualdeko metaleko sektoreaz ari zen, baina asteko susmo guztiak laburbildu dizkigu.
Eta puntuazio markarik gabeko minen zerrendarekin jarraitu dugu: Donald Trump norberaz mozorratu behar izan da Etxe Zuriko atetik berriz sartzeko ala zer eta inork ez du gerren lekuko izan nahi baina mehatxu hitzaren debaluazioa hasi besterik ez da egin berriz ere langileon eskubideak egongo dira jokoan ez nuen espero hemen ere halako eraginik izan zezakeenik bai eta gainera historikoki gehiagotan gertatu izan da agian distopia ez da etorkizunerako begirada egunerokoari begiratzeko modu pesimistena baizik.
Tentsio egoeran, batak besteari buruan pistola bana elkarri jarrita bezala, bakea mantentzeko modu hilgarri bezain eraginkorrean, bizitza elkarrekin ordenatzea eta esperantzaren aldeko diziplina mantentzea adostu dugu. Maitasunaren alde.