Demagun Juan Carlos Perez naizela

Azken egunotan txoriak ez dira ari zeruratzen, zerua da txorien gainean erori dena eta txantxangorri bat sartu zait gau erdian logelan. Promesarik gabeko presentzia bat. Hegalak astinduz kolpeka hasi da topatzen zituen muga guztien kontra, eta esnatu egin naiz.

Txoria nork bidalia izan den zalantza egin dut hasieran, baina argi entzun diot zerabilen kantu melodiko borobila: bila nabilenaren bila nator.

Demagun istorio hau luzeagoa dela. Baina demagun, giza erreproduzioa kudeatzeko merkatu injustu bat existitzen zela imajinatu nuela haurra nintzela: lehenengo, gurasoek galdetegi bat betetzen zuten (galdera labur eta “markatu laukitxoak” batzuk izango zituena) eta balorazio ekonomiko eta genetiko batzuen ondoren, aukeraketa horren arabera jaiotzen ginen haurrok. Parametro horien arabera, nire gurasoek Juan Carlos Perezen ahotsa izan nezan inbertsioa egin izanaren susmoa sortu zitzaidan. Demagun haurtzaroko fantasia batean geratu dela kontua.

Logelako kaosari estiloa ezarri nahian, baina Itoizekiko konpromiso estetikoari uko eginez, leiho guztiak zabaltzeari ekin diot arrisku ederrean.

Baina txoriak ez du gau ilunera itzuli nahi izan eta gertatzen ari dena errelatatzeko proposamen bat iruditu zait. Eta orduan kantuan hasi natzaio anabasa dagoen tokian samurtasuna bilatzeko gaitasunari buruz. Espazioen okupazioak herriaren psikogeografia aldatu dezakeela, ez dagoela “arrazoia” gisa zertifikatutako depresio honetarako astirik, jabetza pribatua eta etxebizitza sistema kanibalismo hutsa direla, eta, donostiar politeista bastardak dioen bezala, munduko asmakizun ederrena 'gu'-a dela azaldu diot.

Espazio psikiko seguru baten bila dabilela erantzun dit eta elkar besarkatu dugu azkenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!