Edozer irensteko dohaina lortu dugu

Kasu baten berri jaso duzu. Edozein momentutan eta eratan izan zitekeen, eta heldu da. Eta hartzen zaitu halako azal kapa batek, goitik beherakoa, une batetik bestera zure egoteko modua aldatzeko gai dena.

Batzuetan kokodriloaren azalaren antza du: ezkatatsua, lehorra eta gogorra. Animalia bihurtu eta 84 hortzekin, abiadura handian haginka egiteko gogoa sartzen zaizu.

Beste batzuetan, iraileko mahatsaren azaletik hurbilago dagoen kapa izaten da. Fina eta haragitik ia banaezina. Fruitu alearen tamaina hartu dezakezu: erramutik askatu, erori eta inor konturatu gabe bazter batean galtzeko arriskuarekin.

Edo ikusgarritasuna galarazten duen estalkia datorkizu goitik beherako hotzikararekin batera. Estalkia, kamuflajezkoa. Ezkutatu, ezikusiarena egin eta bizirauteko erabili izan duzuna.

Eta beste kasu baten berri jaso duzu: Yanely, aurreko astean senarrak etxean erail zuen santutxuar gaztearena. Ohikoegia bihurtzen ari den anestesia sozialaren erdian zerbait sentitzeko asmoz, notiziari behar duen gordintasun maila ematen saiatzen zara kontaezinak diren estrategiekin. Eta bata bestearen atzetik datoz... Zurrumurruka dakizkigun inguruko ospetsuen bortxaketa kasuak, bikote eta bikotekide ohiekin errepikatu nahi ez ditugun errelatoak, beti irabazten irteten diren gizonenak... Baina indarkeria horiek denek, ahalbidetzen eta onartzen dituen jendarte batean baino ez lukete lekurik izango.

Eta Palestina etorri zaizu akordura. Eta hasi zara zapalkuntza kateekin, insjustizia eta amorruarekin, eta ezinegon komunen konparatibetan galtzen... Eta mahats ale bat jan duzu eta kontrako eztarritik sartu zaizu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!