Bero handia egiten du eta dantzaleku honetan izerdi-patsetan gaude gehienak. Izerdi tantak bekokian, titi artean, tolesturetan... Euliek haien kantua darabilte furrundan, bzzz bzzz! Pazientziaren balioaz mintzo direla esango nuke, antsietatearen kontra, bzzz bzzz! Baina euli hegalak baino bizkorrago doaz pasioak eta beldurrak. Eta bolero zaharrek diote haien atzetik datorrela amildegia.
Zuloak eragindako bertigoaren zorabioarekin, erorketaren distantzia eta kolpearen inpaktua kalkulatzen adituak diren profesionalak azaltzen dira egun argitan, igandeetan eta etxe-agentzien aplikazioetan: bizilekua ez erosteagatik 980 Newton, enpleguz aldatzeagatik 750 Newton, familia eredu normatiboa ez jarraitzeagatik 1100 Newton...
Zaila da hemen sosegua bilatzea. Nekearen jendartean banakatzen ari gara eta basakeriarantz goaz.
Emergentziazko errekurtsoen bila, zinea eta bizitza nahasten ari diren puntu honetan, begietara begiratu diogu elkarri, eta elkarrekiko gogoa harmonian bota diogu batak besteari. Baina, aukera posibleen mapa konplikatua da, tentazioa fribolizatuta dago erabat eta erre egiten du eskuetan.
Gogo zati bat sartu zaigu zapataren eta galtzerdiaren artean eta errenka jarraitu dugu dantzan, egonkortasunaren errautsen gainean.