Kontenplaziorako denbora hil egin da

Askotan desiratu izan dut erretzailea izatea. Edo zigarroak erretzen jakitea, sikiera. Jolastu naiz Anna Karinarena egitera, baina alperrik. Ez naiz nahi nukeen errebelazio estetikora hurbildu ere egiten.

Erretzaile bat egon daiteke lasai: paretaren parean tente, norbaiten zain kale bazterrean edo leihotik begira, erretzen. Interesgarriarena egiteko aukerak ehuneko hirurogeita hamazortzian igotzen zaizkio gainera. Atentzioa jasotzen du, saiakera handirik egin gabe.

Erretzen ez dakigunok koartada narratibo bat behar dugu kalean geldi egoteko, eta, astiro ibiliz gero, nekatuaren edo zaurituaren pertsonaiaz jabetzen gara nahi eta nahi ez.

Baina kontenplaziorako denbora hil egin da.

Duela hilabete pasatxo, Iñigo Astizi irakurri nion Berrian arretaren ekonomiaz. Esther Ferreren hitz batzuk jasotzen zituen bertan: Donostiako sortzaileak, arte instalazio batean pendulu bat zintzilikatu zuen sabaitik. Bisitariak pieza manipula zezakeen mugimendua sortuz. Ferrer ziur zen, pendulua bultzatuko zuen inor ez zela hura nola gelditzen zen ikusi arte geratuko.

Ezpateulia baino azkarrago goaz. Batetik bestera gabiltza, gasolina xahutzen, ezinegonak elikatzen, nola arrainen malko oro ur sakon bihurtzen den. Eta bi aste igaro dira amarekin hitz egin zenuen azken alditik, sabai zuriari begira, egun osoan Palestinaz oroitu ez zarela konturatu zara eta lagunari idatzi nahi zenion gutuna biharko utzi beharko duzu beste behin.

Denboraren Aurrezki Kutxa pikutara bidali nahi duzu eta gauza txiki eta ederrez gozatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!