Iduri du, batzuetan, behin eta berriro berrirakurri behar dugula hitz bat, mezu bat. Badakigu zer jartzen duen, baina haren bila harrapatzen dugu geure burua. Berrikusten dugu irudi bat, begiak pausatuz. Gogoratzea soilik nahikoa izango ez balitz bezala.
Bada, behin, baserri bat oso osorik jan nuen. Lehenengo harritik, azkenera.
Etartean agurtu nituen txakurrak. Seiehun metro koadro zeru eta han behean teilatuak, errepideak eta tximiniak. Unai urrinean zebilen ardiekin. Katiuska zuriak jantzi eta zerriari kalabaza zatia eman genion jaten. "Estutu arnasa asunekin ez erresumintzeko!". Ezkatzean, sabaiko txorizoen azpian, izeko Estherrek paperezko mantel zuria zabaldu zuen mahaian, mugarik gabe marraztu nezan. Banillazko natillak elkarbanatu nituen Goiurekin, eta Olatzen alboan iturrian zapaburuak harrapatzen ikasi. Osabak helduen arteko eztabaidan mahaiaren beste aldetik begietara begiratu zidan elkarrizketara hurbilduz, kartzelako funtzionarioak tronpatzen irakatsi zidan, ametsak desiratzen eta, dantzariek banangoan oin puntak beste, gogoa altxatzen. Akordatzea nahikoa ez eta kantu egingo dugu. Plaza bete miresmen, osaba Mikel!