Hemorragia bat

Galduta egotearen antza hartu genion eszenari. Arraroa eta beldurgarria zen. Zaila zen neurria hartzea porlanezko anarkitektura horri.

Beluse gorriko gortina batekin egin genuen topo. Kasik irreala zirudien kolore gorri horren sugarrak liluratu gintuen. Inguruko iluntasunaren kontrastearekin soilik zen agerikoa zuen indar sinboliko guztia. Eta gu, begira-begira, mundu errealaren eta ametsetakoaren arteko hemorragiaren parean.

Ez dago goi mailako egiarik baina, ez sartzea baino, hobe zen barrura sartzea. Arratoiek ere nahiago dute, edozer gauza dela ere, zerbait sentitu, ezer ez sentitzearen ordez. Eta desiraren urgentziaz murgildu ginen.

Gure bizitzaren ertzak zabaldu ziren. Etorkizunak aurrera egiten duenaren ideia desaktibatu zitzaigun. Ergatiboak, aditzak eta objektuak orekatuta zeuden. Geroari buruzko zirriborro limurtzaileak irmo sinestu genituen. Poesia bilatu genuen trafikoko seinaleetan. Bizirauteko beharrizan bat baita edertasuna, jatea bezainbeste.

Ez genekien nola heldu ginen horraino, baina itxurazko edozein errealitate baino benetakoagoa zirudien. Nahasia zen. Bizigura ematen zigun. Argi geneukan teloi atzeko horri eustea zela nahi genuen gauza bakarra. Baserri bat harriz harri berrogeita hamar metrotara mugitzeko prest geundeke bertan geratzearen truke.

Piztien soneto batek itzultzeko agindua eman zuen orduan. Bidean, gure desirak txikitzen joan ginen. Baina zerbaitek ihes egin zuen istorio barrutik, gortinapetik. Eta ezinezkoa zirudiena, hor nonbait dabil.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!