Urte bereko azaroan, Mahmoud Darwish poetak, Palestinaren independentzia deklarazioa idatzi zuen.
Leherketa batekin hiria errauts artean utzita, hogeita hamaika urteren ostean, 2019an hain justu, hondakinen gainean berreraikitako NeoTokyo megalopolia azaltzen da filmean. Zeru zati txikiena ere ikusten uzten ez duten dorre erraldoien artetik dabiltza gazteak droga eta tuneatutako motorren abiadura bizian, isilgailurik gabeko ihes-tutuen zarata maximizatuen oihartzuna neoizko argiekin nahastuz. Herabetu gabe, bôsôzoku mugimendu kontrakulturalaren trikimailuak darabiltzate gerraren eta sistemaren aurka asaldatzeko Tetsuok eta lagunek.
Boterearen hainbat forma nahasten dira istorio ziberpunkean: leherkariak, gobernuaren kontrol errepresiboa, zientzialariena, erresistentzia antolatua... Deskontrolak ere hamaika kolore eta testura hartzen ditu.
Amaiera aldera, gobernuaren esperimentu zientifikoen ondorioz, naturaz gaindiko indarraz mozkortuta, Tetsuoren gorputza transformatzen hasten da inguruan duen guztia iruntzi eta hiria berriz ere hauts bihurtzeraino.
Tetsuo gaztearen sekuentzia errepikatzen zait egunean zehar. Ez dakit errealitatea azaltzeko zein neurritan balio duen, baina nahasten zait deskontrola, inperialismoarekin eta genozidioarekin. Lukurreriarekin eta Urdaibaiko Guggenheimarekin. Etekinekin eta pobreziarekin. Mendekuarekin eta erailketekin.
Ez dakit honen guztiaren gainean idazteko poeta nahikorik dagoen.