Lanera bidean, alboko kotxeko gidariarekin begirada gurutzatu dut ispilua bailitzan. Goizegi da aurpegiko muskulu batzuk mugitzeko, baina bekozko zimur krudelarekin harrapatu dugu elkar.
Errepide bazterreko haize-mahuka gaur ere tente dago bidearekin perpendikular, oihalaren kolore zuri gorriak harropuztuta. Ematen du, aurten jada pasa ditugun egun denak sartu zaizkiola zulo handienetik eta bata bestaren jarraian irteten ari direla zulo txikitik. Ezin izenda daitezkeen gaitz indibidualak tirokatzen bezala, dinbi-danba. Gidarien bekokietara, dinbi-danba.
Irrati esatariak narratzaile papera hartu du eta etorkizuna orainaldi bihurtzen hasi da orduan. Grebak, Zinemaldia, ofizialtzeak, Alabamako musika orkestra, lan heriotzak, hauteskundeak eta greba deialdi gehiago. Gauza bakoitzak bere denbora behar du, baina, egia esan, albistegiak ez ziren datorren guztiaren matizak jasotzeko asmatu.
Eta irratia itzalita lan egin beharreko ordu gogaikarrietan sartzen da eguna (nahiz eta norberak maitasunaren kontra doazen notiziekin piztuta jarraitu: Galder eta Aitor gazte arabarrek espetxeratze agindua jaso dute).
Etxetik irtetean ez dago asmatzerik, sandaliak edo harrietatik babesteko burdinazko ezkutuak beharko ditugun. Mundua gaixorik dagoela diote eta gertatzen den guztia laburtzeko balio dit modu makur batean. Baina goizeko lainoen atzean sakona da zerua eta datorren aukera gama proiektatzeko tartea zabaltzen da noizean behin. Haizeak indartsu jo eta txingorra gogotik egin arren.