Spotifyko playlist borobilak sortzen saiatzen naiz orduan, pozaren aldaera berriak luzatzeko botikina osatze asmotan. Garai bakoitzari begira aproposa den izenburua asmatzen dut, argazki batekin gorde, abesti batetik besterako ordena kalkulatu... Sentimentala, piztia perfektua izan daiteke bere denbora librean.
Finean, gatazka unibertsalen izendatzeak bilatzen ditut, pintadetarako lemak edo kontestu bisualak. Elkar lotzeko zein askatzeko balio duten abestiak: etxe arteko patioetatik bolumen altuan irten eta gure sukaldeetara distortsionatuta sartzen direnean, aurpegi, eguraldi eta emozioak gurutzatzen diren lekuetara transportatuko gaituzten abestiak. Sentsazio bakan batera, nobela bat irakurtzen amaitu osteko gorputzaldia bezala edo zerbait aldatu zela konturatu ginen momentua gogoraraziko diguna. Zorionekoa ala zoritxarrekoa.
Eta bila eta bila nabil etengabe gaua egin arte. Orain behar ditut moduren batean kantatu eta kontatu belaunaldi baten garaipenak, ameskerien dezepzioak eta jada badatorren uda hau.
Oilasko erre usaina hartu dut inguruan. Eskumako begiko betuleak erre zaizkidala konturatu naiz atoan (eszena hau beste zutabe batean kabitu beharko da). Oraina orainetik begiratzeko moduen bila, lara la la, lara la la...