Durangoko taberna kanpoaldeetan arteaz mintzo da jendea. Kontenplaziotik urrun, artista eta proletarioaren arteko distantzia apurtzeaz eztabaidan ibili ohi dira. Errealitatea deskribatu beharrean, errealitatea eraikitzen duten esapideekin.
Teknika fantasmagorikoak darabiltzate desira fluxu berriak sortuz, berborrea eta keinu lizunekin, bizitza komunen aldeko saiakera etengabean. Norbait begira egongo balitz bezala erretzen dute gainera.
Zigarroak eta kolore gorriko estimuluak non-nahi. Garagardo botila eskuetan, egia absolutuak kabitzen diren esaldiak osatzen dituzte noizean behin: 'zinema errealitatea transformatzeko modua da'.
'Eta bizitza zinemaren imitazio
pattala' litzateke betazal urdindunaren erantzuna zuzenean kamerari begira (maitasunean legez, bigarren hitz egiten duenak abantaila dauka beti).
Orduan, musika klasikoa tartekatuz, plano azkarren sekuentzia luzeak ematen dira: kalean gora pertsekuzio bat, tiroak, bortxaketak, ikasle asanblada bat, letra urdinak fondo beltzaren gainean; propaganda, mozorroak, tiro gehiago, letra gorriak fondo beltzaren gainean; liburuak, auto pertsekuzio bat, borroka koreografiatuak eta letra zuriak fondo beltzaren gainean. Zinema pazientziaren termometroa ere bada.
Deanbulazioaren erakusketa goren horretan, pelikula nola amaituko den ezin asmatu dabil ikuslea. Letra gorriak fondo beltzaren gainean.