Gizonak oporretan

Lagun arteko tertulian, aurrekoan L.k botatako kontzeptu batekin nabil bueltaka. Iradokitzailea iruditu zitzaidan oso. Eta, L.ren baimenarekin, halako jakintza eta definizio herrikoien harrapakaria izanik, nolabait forma emateko eta nazionalizatzeko beharra sentitu dut ordutik.

”Gizonak oporretan egon dira azken lau urte hauetan.”

L.ren ondotik, egoera batzuen kalkulua buruz egiten hasi ginen denon artean. Azken urteotan nola lotsagabetu den ingurua orokorrean, gehi, nola lotsagabetu diren gizonak. Inoiz lotsarik izan badute...

Frustrazioak eta errepresioak, egoeragatik justifikatuta daudela ematen duen garaia bizi dugu. Aurretik politizatuta zeuden harremanak erlaxatu egin dira, despolitizatu egin direla ez esatearren. Lagun inguruak txikitu ditugu, gune berdintsuetara mugatu ditugu burbuilak ezerosotasunetatik ihesi, eta segurtasuna eman digun edozeri heldu diogu. 

Eta horrela, bat batean, zure inguruan bizi izan dituzun “marra gorririk gabeko maskulinitatearen” zenbat kapitulu zenbatu ditzakezu? 

Honekin guztiarekin ez da inor interpelatua sentituko, noski. Albokoak eskasago kudeatzen duelako, beti dago erasotzaileagoa den norbait. Gainera, sistemaren ondorioz izango da gizona horren gizon, ardurarik hartu gabe jarraitzeko defentsa-modu bikaina. Boterea norbanakoen nukleoetan aurkituko ez balitz bezala... Gorputzetan sartuta, keinuetan inkrustatuta, jokabide eta diskurtsoetan proiektatuta. Sistema bera, beste gauza askoren artean, norbanakoek ere sustengatzen baitute, alegia, gizonek.

Jakin gura nuke, atzera egin dugun. Momentu batean ezkutatu zirenak azaleratu diren edo nork eman dien oporretan hain urrutira joateko baimena. Izan ere, ez dakit ez ote diren beti egon oporretan. Urrutiago edo gertuago, baina oporretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!