Munduak emandako ostikoak berrikusteko garaia da

Aireak berunak beste pisatzen du eta zaila da arnastea. Eguraldiak ez du hobera egin, eta are idorrago dira larreak. Gizonekiko beldurra sentitzea emakume izateko baldintza beharrezkoa da nolabait. Gasolindegietako prezioetan fijatu gara egunero, begiratzen dugun aldiro merketuko balira bezala. Eta gerra beste norbaitek asmatu izan balu, ondorioak itzulerrazak lirateke?

Saldu diguten hau ez dakigu zer den eta ezagutzen duzun inor ere ez dago benetan ondo.

Amorratuta dagoenak ez du deus entzun nahi baina datorren udazken azidoa ez da Loachen eszena garratzetara hurbildu ere egingo. Bizi duguna ekaitza da eta mokuzapiak berrerabiltzea haren aurka doan zalditeria bat.

Ez dut diferituan, barrurantz negar egitea gomendatzen. Orain beldurra sentitzea saihestezina da, dolua elkarrekin bizitzea, aukera bat. Beldurrik gabe ez ziren sindikatuak edota pentsioak asmatuko. Izuak paralizatu egiten duela dio Naomi Kleinek, baina soilik irtenbidea zein norabidetan dagoen ez baldin badakigu. 

Beldurtzen gaituzten ezegonkortasunen eta erasoen jatorria asmatzea zaila egiten da, eta, beraz, biziraupenaren zerbitzura  erantzun egokiak konfiguratzea ere bai. Eta bizitza horiek duinak, eta guztiontzat bizigarriak izateko borondatea gehitzen badugu, askoz zailagoa egingo zaigu.

Baina bizirik egoteko pultsu eta desira intentsoa galtzea, bizirauteko irrika ahaztea, hori bai litzateke katastrofikoa. 

Ez dira garai onenak ameslarientzat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!