Italo Calvino kazetari eta idazle italiarrak kontatzen zuen, gaztea zela film gutxi batzuk ikusi zituela zine aretoetan hasieratik eta amaierara arte. Eta film horiek beste momentu batzuetan berriz ikustean, intuizioaren arabera osatzen zituela falta zitzaizkion filmaren zatiak, istorioak berrosatuz.
Geroago film zahar horiek telebistan jartzean, azaltzen zuen, nola gogoratzen zuen oraindik zein eszenatan hasi zen filma ikusten. Eta nola harritu eta liluratu ere egiten zen, ezagutzen ez zituen sekuentzia berriak lehen aldiz ikustean, bere golkorako berrasmatutako istorioetatik ezberdinak zirenez gero.
Telebista programatzaileek hankaz gora jarri izan dute urte luzez denboraren linealtasuna. Behin eta berriro telesailen atal zaharrak, denboraldi berriko atalekin nahastuta emitituz, telebista formatuaren desprestigioa elikatuz.
Baina orain, aldiz, programatzaileak ohartu dira jendea prest dagoela telesailen atal berberak behin eta berriro irensteko (inungo sinkroniaren beharrik gabe sikieran). Psikologoen ustez, gertatuko dena aurrez ezagutzeak kontrol sentipena eta segurtasuna ematen dizkio ikusleari. Hau gertatuko da, edo hau esango du, ikusten?
Zinean ez ezik, ez-fikzioan ere segurtasunaz baliatzen gara behin eta berriro. Geronen fikzio propioa sinistu eta hari irmoki eustea irteera posible bakarra dela dirudi. Edo agian, noiz edo noiz, kapazak izango gara filmea amaitu aurretik aretotik irten eta amaiera berriak asmatzeko.