Franco Battiato piketean

Iluntzeko bederatziak inguru izango dira poligono industrialean. Koloretako argidun bozgorailu batetik Franco Battiatoren Voglio Vederti Danzare kantua entzuten da lantegi kanpoaldeko distantzia infinituetan oihartzuna eginez, danza... danza...

Azpikontratatutako segurtasun enpresako langilea, lantegiaren sarrerako harrizko etxola barruan dago sartuta. Kanpoan dauden langileek inguruan gordelekua eraiki dute azken ehun egunetan. Plastikoekin altxatutako aterpeak, izarekin egindako zinema, zuhaitz adaxkekin errekara jaisteko eskailera eta burdin xaflekin montatutako sukaldea.

Gaua hozten hasia da, baina oraindik ez da errelebo ordua amaitu eta zutik jarraitzen dute marra horidun jake urdindunak “piketea” deitu dioten lubakian. Kuriosoa da, parkinean kotxeen sartu-irtena mugatzeko dagoen argi gorriak sortzen duen giroa.

Italiarraren kanta amaitu eta grebalarietako bat bertsoa botatzera animatu da. “Helduko da denok sartuko garen eguna” dio begiak ur lodiz beteta.

107 egun daramatzate “Aiaraldea defenda dezagun” leloa ahotik kendu gabe, zirkulazioak ez du sekulan atsedenik hartzen eta pintura paretetatik jarraitzen dira oihuak. Abadeari ere eskatu diote kanpandorretik pankarta eskegitzeko baimena, harek, aitaren eta semearen... egin eta amen! Tubacex borrokan dio tinta beltzak.

Eta inork inoiz bere bizitzako dokumental onena egin beharko balu, eta herri boterea irudikatu, ederrak lirateke eszena hauek. Lehen lerroan dagoen eskualdea, dena irabazteko duena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!