Orduan, sintzerizida baten inbasio eta atentatuen beldurrez (inoiz ez da jakiten noiz) muga guztiak itxi zituen (eta «Frantziako poliziak Hendaiako Euskotren geltokian ehunka migratzaile atzeman ondoren, herrialdetik kanporatu ditu legearen gainetik»). Bartzelonako galtzada-harri bat baino gogorragoa da asmatu dugun patua. Baina etzi, epe laburrerako proiektuak trukatu aurretik, herri-galdeketa batean baiezkoa ala ezezkoa bozkatzera deituta gaude bizilagunak: “Ohartzen al gara zerbait eraikitzen dugun bakoitzean zenbat argi kentzen diogun geure buruari?”. Eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak isurtzen hasi zenetik, etengabe akordatzen naiz oraindik bisitatu gabeko hiriburuetako zeru argitsu eta hondartza luzeez. Eta Laboaren Lili Bat abestiaren kumbia bertsioa asmatu behar izan genuen lagun artean Egiptoko zazpi izurriteen edizio ugaldu eta korrejitua susmatuz. Baina hau ez da produktora txiki europear batek ekoitzitako pelikula bat, eta, gainera, oraindik ez da udaberria iritsi. Azken kantu bat aukeratzeko eskatu zidan, dantzatzeko edo ordutik aurrera norberak bakarrik minez ospatzeko, auskalo. La Jodedera taldearen Bihotz Isila abestia, ikasi eta momentua bizitzeko deia, erritmo kubatarrarekin. Nik dantzan jarraituko dut behintzat!