Musikak pandemia bat arintzeko ere balio du (kantuek beren zati baltsamikoa izan behar dutela dio Ordorikak). Badira botikineko abestiak, analgesiko baten bila goazen bezala tragatzen ditugunak: eta jendea, gauero abesti triste berdina entzuteaz nekatu zen.
Homogeneizatzeko kantuak: 2003ko urtarrilean, Nicolas Sarkozyren aginduz, Marsellesaren kontrako delituaren legea onartu zen: sei hilera arteko kartzela zigorra eta 7.500 euroko isunarekin. Frantziako gazteak ereserkia ikastera behartuta daude.
Eta begirada emantzipatzeko, kantuak, ipuinak, bertsoak, zinema...: “Gure begiek gutxi ikusten dutenez, teleskopioa asmatu zen, urruneko mundu ezezagunak behatzeko. Kamera, aldiz, errealitateak erregistratu eta sakonago begiratzeko da”, D. Vertov. Zinea arte guztietatik garrantzitsuena izan zen Sobietar Batasunean. Errusian XX. mende hasieran, %80k ez zekien idazten, ezta irakurtzen ere, eta irratiarekin batera, pelikulak herri heziketarako tresna eskuragarrienak bihurtu ziren (etorkizuneko analfabetismoa irudigintza ez ezagutzea izango dela diote).
Plazak eta aulkiak, pantailak eta eleberriak. Herrian badaude entsegu lokal, zinema, liburutegi eta oholtzak, taupadaka esnatuz geldirik daudenak, sortzen eta eraldatzen segi dezagun.