Eta horrela sortu zuen Les Parasites kolektiboak “El colapso” telesaila. 2019an estreinatu zen Frantzian, eta Filmin plataformak pandemia garaian berriz ere pantailetara ekarri digu: krisi batek eztanda eginda, supermerkatuetako elikagaiak faltan, migrazioak eta zahar etxeak ageri zaizkigu, (fikzioan eta errealitatean). Kapitulu denetan helburu berdina: bizirautea.
Hogeita bi minutu inguruko zortzi kapitulu denboraldi bakar batean. Kolapsoaren jatorria azaldu gabe ere, etorkizun hurbilaren usaina dario trama osoari.
(Itxurakeria edo marketing kontua dela esango dute batzuek baina) Saileko kapitulu bakoitza plano sekuentzia bat izanda, kamera eskuetan, munduko kolapsoaren ondorengo egunetako zortzi momentu bizi ditugu narrazio denbora jarraikorrean. Tentsioa areagotu eta arreta milimetrikoki mantentzeko forma ederrean.
Istorio bakoitza ezberdina eta aldi berean elkarren artean harilkatuta, jendarte ordenaren amaieraren testuinguruan ere, indibidualismoa nagusitzen da pertsonaien artean.
Telesail frantsesak itxaropena galtzea eragiten duela kritikatu izan dute. Margaret Tatcherrek ezagun egin zuen kontzeptua datorkit burura orduan, TINA (There Is Not Alternative/ez dago alternatibarik: munduaren ordena mantentzeko beharrezkoa dela kapitalismoa, ez dagoela beste eredurik). Eta zein mundu mota aurkeztu beharko genuke gure istorioetan, pentsamendu neoliberala nagusi den garaiotan?