Batzuetan gogoratzen naiz eta besteetan ez

Aurkitu aurtengo negutik gaur arte dauden zazpi ezberdintasunak. Errealitate ederra hauskorra ere badela badakigu orain. Inork ez luke, herriko bihotz eroriena duenak ezta, halako herri tristerik imajinatuko. Inongo plan urbanistiko desatseginenak ere.

Herritarren begiek distira egiten dute. Baina ez dute zorionik islatzen... Inoiz zoriona ikusi duela dioenik badago, baina jokoan edo errepideko seinaleetako oreinetan topatu daitekeen bezala.

Ezegonkortasunaren agendan apuntatuko ditugu datozen etxe kaleratzeen egunak, eta sarritan gogoratzen naiz Amaia Egañaz (2012). Gainpuztu dizkiguten udarako asmoez. Aukeran, zapore gutxi duen ilusioa sartu digute etxeetan, auskalo nondik gobernatzen diren telebistetatik.

Ez dut uste kalkulatu daitekeenik zenbat maitasun aurreztu den martxotik hona (“maitasuna aurreztu” esatean mingaina oraindik beroegi dagoen hitzarekin erre zait). Batzuetan gogoratzen naiz eta besteetan ez. Urtu diren helduleku guztiez. Kontu korronteetako zifrak igotzen dituztenez edo noizean behin egongeletako besaulkietan gure alboan etzaten direnez.

Oroitzen naiz zabortegietan hondoratutako auzokoez eta lotsez. Eta porlanezko zubi erraldoien itzalez.

Dena dago erortzear. Herria bueltatzeko exijituko dugu eta tristura hau gaindituko duena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!