Horizontalean, mesedez: Zorionak (Julene, Irati, Martin eta Katalin) eta ondo etorri (Gorka, Aitziber eta Haitz). Bakardade erradikalak. Eta bakardade erradikalaren ezinegonaren aurka albokoari eutsi direnak. Edo trapuari: denborak bere egin duen segundo bakoitzeko, hauts maluta bat. Blokeko eskailerak garbitzen dituenaren kubo zarata lehorrekin (kasik isil ostuka) akordatu gara zein ezberdinak diren gure bizitzak eta etxeetako leihoak. Testek baino protagonismo handiagoa izan dute pistolek. Ohiko lanorduan baino berrogeita bost ordu gehiago sartu dituztenen gibelak hazi egin dira derrigor, eta kontraturik gabe zebilenaren tripak zimurtu, seguru.
Jaurlaritza, Iberdrola eta bankuetako iragarkiek, hamarkadetan banatuta bizitzera ohituta egon garela erremarkatu digute. Martxotik, 13.500 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Normalitate berria berridazteko buruhaustea ez da estudianteen ameskeria soila. Gehiegi daukagu irabazteko.