Grebak ez du ezertarako balio: alanbre baten gainean

Egunerokotasunak, gurutzatutako bizitzak dira soilik, urtzear den mundu honetan, keinuak eta begiradak. Jimmy izena zuenagatik, hitzik ez Caja Laboralak. “Zerbait gaizki egingo zuen” entzun nion bati.

Pizza banatzaileak gurekin zuen ikasi. 7 gradu kalean, berandu da: hamaikak. Baina lokalean afaririk ez eta… Bizikletan dator Hassi. Eta zatirik nahi ez duenak, aitzakiarik ahulena: edertasun baten partez, anorexia eromena.

Instagramen postulatu, ospe aparatu, jarraitzaile, bihotz, mezu… Mobila dardaratu. Mobilari begiratu. Mobila dardaratu. Mobilari begiratu.

“Barkatu” gerritik heldu dizun hirugarren aldia eta ez zaizu gustatu. Zilborra bistan eta damuaren mamua nahiko duzu akatu.

Gurasoengandik salbu? Iritzi emaile hauen esklabu, “horrek maritxua dirudi” kontrakoa esateak beldurra ematen dizu zuri. Berdina al da beltz edo zuri? Lagunarteko lodiena aldagelan urduri, dutxatu gabe doa kalera, normalena dirudi.

Aurten jada bederatzi, lanean hildakoak. Uniformea garbi utzi dizu amak ohean, praktikaldian jarraitzeko metalean. Kobratu gabeko lan ordutegia eta zure onerako da, agian. Euskal Herrian, Urkulluren gutuna, agur t’erdi laguna: “Ez da zuk uste duzuna, Madril da arduraduna”.

Droga berria auzoan duguna, hautsik ez sudurzuloetan baina patrikak daude hutsik. Aurkezleak ez du hitzik, atzerakontua dator tik-tak-tik. Irain arrazistak futbol zelaian, irain matxistak whatsapp soslaian.

Herritarrok ez dugu distirarik behar, bizitzan duina eta ederra dena nahi dugu, hau dena erortzear.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!