“Muga” hitza gugana itzuli denekoa

Muga: Zerbait amaitzen den tokia edo unea.

Bereizten gaituen muga: zu ama eta ni alaba. Eta betiko lotzen gaituena: ni alaba eta zu ama. Biak eten beharrekoak.

Urtemuga ospakizunen testuinguruan: “gazte bizitza” eta “orain bizitzako beste momentu batean nago” kontzeptuen arteko mugan, arantza zorrotzak irensten ditugunekoa.

Lanean: “lankideen aldean, zuk ondo erantzun diozu zure lanari, kontratu mugagabea” hotzak bizkarrezurra bihurritu dizu, nagusia esaldiaren mugaraino heldu aurretik.

“La trinchera infinita”, Andaluzian. Hego Euskal Herrian, laburrak izan ziren ezkutaldiak, muga gertu dagoelako.

Barraskilo operazioa. Bi estatu. Behobia, muga. Baiona, muga. Girona, muga.

Hola, buenos días —euskarazko erantzuna espero duzun lekuan gaztelaniaz erantzuna jasotzean espektatiba linguistikoen zerumuga zapuzten da.

Egunak 24 ordu. “Noiz” bat dugu “zertarako” bakoitzerako. Intimitatearen mugak gurutzatu ditugu gaueko hamaiketatik aurrerako telefono bidezko mezuekin.

Arrazoiaren eta emozioen arteko muga. “Zergatik ez dira gauzak errazagoak?” Konplikazioetan ez erortzeko harreman sareen mugak... Anarik orduan, Muga Kanta bat: urak daramana, ez dakar beti bueltan.

Zerumuga... Eta itsasoa... Itsasoa muga moduan ulertuko dute haiek? Izen bat behar luke sentsazio horrek.

Justiziak ere hainbat muga. Oihan, Jokin, Jon Ander, Julen, Adur, Aratz, Iñaki eta Ainara. Altsasurenak.

Eta abendua eta urtarrila, hain gertu eta hain urrun. 2020. Urtarrilean greba, lan, pentsio eta bizitza duinak jomugan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!