Talde bortxaketari erantzuna, amiantoaz hildako langileen zifra potoloa eta bezperako eztabaida telebisatua deskribatuz eman dio hasiera egunari euskarazko irrati kate publikoak. Ur txorrota izoztua izan da kolkotik behera.
Zabaldu gabeko gutun azalak ditut zukua egiteko laranjen ondoan. Igandean bozkatzera joan ahal izateko nire boto-txartela ekar zezaketen, edo oporretan egon den nagusiaren postala. Bandera gisako sobreak ez dakar mendi puntan ateratako argazkia, eta ez da nire botoa. Honekin sagar bat ere ez nuke batuko, hobe birziklatzen badut.
Bada beste gutun azal bat. Hau, kontrara, eskuz idatzita datorrena. Tinta urdin ilun batekin esku hartuta dagoela abisatzen du, "intervenido". Zaragozatik dator, "Centro Penitenciario". Aspaldi ikusi ez dudan lagunarena da, eta harro nago modu makur batean.
"Eskoziak 2021a baino lehen deitu nahi du bigarren erreferendumera." Irratia itzali du lagunak. "Lanera joan beharra dut", nik ere bai. Musua masailean eta, "maite zaitut". Badira hain denbora tarte laburrean errepikatu ezin diren esaldiak.