Mendi bat kili-kolo jartzerainoko emozio lurrikarek zeharkatzen dute gaztea, gorputza dardaratzeraino. Baina ezinezko egiten zaio bizi duen guztiaren tamaina basa eta surrealista kornetarekin adieraztea.
Berdin zaio agur melodia edota sehaskakoa izan. Kezkatuta edo alai egon. Bada inon intentzioa asmatu eta doinu hori jarraituko duenik?
Orkestra bateko sinfonia interpretatzearen parekoa da gure sentimenduak ñabardura eta guzti ezberdintzeko kapazitatea (biziak eta pasiozkoak edo delikatuak eta sentiberak)! Entzun, sentitu eta interpretatu. Eta zein ahalmen da norberaren sentimendu eta beharrak adierazteko gaitasunarekin konparagarria?
Hau ez da distopia bat, baina emozioek korneta askoren inbutuetan hartzen dute aterpe, ikusgai (edo entzungai?) egotearen arriskutik kanpo. Iluntasunarekin puzten dira, gustura daude konposizio eta ehundura endredatuetatik urrun. Denborarekin ugertu arte!