Hitzen oinarri ahula

Leku guztietan daude. Batzuetan indar handienarekin ahaztu nahi izaten ditugun arren, logura kentzeraino jarraitzen gaituzte izarapera. Harrien besteko pisua dute hitzek. Balio handia izan dezakete, edo inork irakurriko ez duen liburu batean gorde eta hil. Hitz zaintzailearen asmakizunen barru esangura igarri gabe, berehala lurrunduz. Elur gainean, txori hanka arinek utzitako arrasto sail ederra bezalaxe.

Hitzen tonu emozionala ez da azalkeriaz hartu behar, debaldeko mina eman dezakete (doinu eta neurriarekin asmatzen ez bada). Oharra: hizkuntza ez da igande askotarako prest egongo, berba asko ez daude astegun guztietarako eginak.

Kontrara ere. Artea ondo menderatuz gero, bertsotan edo, pertsuaditzeko gaitasunaz bihurtu gaitezke ahobero (abileziak kirurgialariarenekin konpara daitezke egiatan, narrazioa komunikazioaren artisau forma baita). Halakoak badira bertso saioetan, kopilotu eserlekuetan edota ospitaletako geletan.

Parentesien erabilpena ere ezaguna da inguruan. Ez al da basakeria mota berri bat isilaraztearena? Baina berbalagun hauen esperientziaren pobrezia ez da pobrezia handiago baten zati bat baino.

Jolasaz, bihur gaitezke olerkari, eta egin hiztegi bat, norberarena. Kale hutsetan harrapakin poetikoa eskuratzeko borrokatu. Hitzak bere bizia baitu, hitza esaten duen pertsona bakoitzak arnasa ematen dio.

Eurak dira gure arteko materia guztia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!