Hau ez da akordio bat

Eguna heze esnatu zen, behelaino batek biltzen dena, hala ere, eguzkiak zulatzen zuen erak, herrira zerbait zetorrela iragartzen zuen.

Inguruko herrietaraino iritsi zen oihartzuna eta dardara. Mandatua, eskuz esku gutunazal gorrietan zabaldu zela diotenak ere badira, nolabaiteko elegantziaz hautatutako hitz eta kaligrafiaz osatuta.

Edozein elkarrizketatan aipatzen zituzten. Merkatuan topo egiten zuten jubilatuen artean, lantokietako atsedelandietan, ikastetxeetako komunetan... Betaurrekodunak, iletsuak eta uniformatuak imajinatzen zituzten batzuek, “bai zera! Txiki txikiak dira, goizero gurutzatzen naiz haietako batekin”. Besteak ikusezinak zirela uste zuen. “Horrek ez du garrantzirik, nondik datozen jakin nahi dut nik”, ondokoak.

Anbotopetik, besteak hiriguneetatik, baten bat Barrenkaletik, Pinondoko kamaroteetatik, periferiako fundiziotik, Intxaurrondoaren itzalpetik... Baina hori ez da inportanteena.

Batu zituenak egiten ditu boteretsu. Mugimenduak elkartzen ditu denak, helburuak. Aliantzak oinarri, estrategia adostuaz antolatuta funtzionatzen dutenak dira. Intoleranteak. Ez dute eraso bakar bat ere onartuko.

Aurten ere, Durangoko Brigada Feministak txosnagune ingurua zaintzen dabiltza, txosnagune guztia aliatu izanda. Jaietan, gauero gauero, emakumez osatutako tropelak kaleak hartuko ditu, eta gauak, eta lehenengo lerroak.

Hau ez da akordio bat, hau autodefentsa feminista da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!