Alferkeriaz

Badago giro bat, udan batez ere, alferkerian egotea legalagoa dela ematen duena.  Zereginek badute aurretik gehitutako "nagipluskeria" bat. Alferrak egiten (ez) dituenak produktibo eta ez-produktiboaren neurgailuan sailkatu ditzakegunak inkluso, baina ez du horretarako gogorik ere izaten.

Oporraldian, irail hasieran kontatzeko moduko istorioen zerrenda puzten saiatzen dira batzuk, (bidaiatzen duenak zerbait konta dezake). Lanera doaz besteak, autoeskolara, azal kolorea iluntzera, jaien bueltan antolatzen hastera...

Alferrak, agendaren linbo honetan, ikasturtean zehar egin ez duena egiteko aukera ikusten zuen ekain hasieran (lagunekin afaldu, ligatu, Tourmalet igo...), baina amaierarako utziko ditu hauek guztiak, abuztuan, fijo.

Alferrari ez dio apenas lotsarik ematen egin ez duena onartzeak, alferkeriari etekina ateratzeko ere gai da. Ez du aitzakia bat bilatzeko esfortzua egiteko beharrik. Egin ez duenaz mintzo daiteke.

Kataluniarrek urriaren lehenengorako utzi dute erreferendumaren eguna. Herri boterearen erakustaldi handienetariko bat, alferraren legeari izkin eginez. Erabakitzeko obligazioa lerro artean jarrita, alferkerian ibilitakoari lurreratzeko tartea utzita.

Hilabete eskasean, luzaroan landutakoa (batzuen alferkeriaz pausatutakoa, akaso) proban jartzeko, herriari galdetzeko. Erregimena kolokan jartzeko, bideak zabaltzeko, eraikitzeko. Alferkeria ez dadila aitzakia izan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!