Duela urte batzuk, lagun bati entzun nion, esnatzen garen momentutik hartzen ditugula erabaki politikoak. Goizetan, armosatzeko, sukaldeko hozkailura joan eta jogurt potea zabaltzen dugunean, inguruko langileek landutako esnekia izan zitekeena hartuko genuke. Plastikoa beharrean, berrerabiltzen den beirazko potoan, agian. Edo, supermerkatuan erositako estalki moredun jogurt digestiboa bestela. Ile luzea eta gerri estua duen emakumearen ingerada izango lukeena.
Maiatzaren 7an erabakiko duguna ez da edonolako pregoia. Mila aurpegi eta ertz dituen ekimena izango da. Dortokak paseatzea bezalakoa izan daiteke batzuetan bide hau. Baina badu, nolabait, zapatisten barraskiloaren urrun iristearen aldeko jarrera. Herritarron unea baita, burugabe edo burujabe izatearen muina erabakitzekoa.
Bizitza erdigunean jarri eta bizitzea merezi duten bizi proiektuak eraiki nahi ditugu. Gurea eraiki, gure erritmoan. Albokoei begiratuz, eta haiengandik ikasiz. Gure artean antolatuz eta nahasiz.
Guk geuk egingo dugu hautua, guk geuk herria. Hamaika arrazoi ditugu erabaki politiko honen parte sentitzeko. Izan daitela argia aldarria: gure lan baldintzak, gure erabakia; Gure gorputza, gure erabakia; Gure armosuak, gure erabakia. Narratzailearen lorratza nola gelditzen den kontakizunean, nola gelditzen den buztingilearen eskuaren marka buztinezko ontzian.