Barneratu dugu maitasunaren bueltan gure bizimodua antolatzen, guztiaren gainetik kokatzen, eta egiten dugu. Ikasi dugu nola sentitu behar garen, nor maitatu behar dugun. Ikasi dugu nola gozatu, zein momentu eta erritmotan.
Maitasuna ahalguztiduna da, borondatearen kontrakoak diren sentimenduak eragiten dizkiguna, eta botere desoreka eternala xede duen pasioa dugu eredutzat. Sistemaren erreprodukzioa erdigunean jartzen duen moldea da gurea, sexualitatearen domestikazioaren bitartez iraunarazten duguna. Emakumeon eta gizonen harremantzeko moduak ezberdintzen ditugu. Eta nola ez, maitale traketsen kostura aberasten den industriaren parametroetan mugitzen gara, inoiz asebeteko ez gaituen kontsumoaren menpe.
Maitasunaren artea, ordea, gogoeta eta ekintzak, denbora eta espazioa, hitzak eta isilunean arreta handiz jostean datzala dio Mari Luz Estebanek. Maitatzeko teknika ikasi beharra dugula azpimarratuko nuke nik ere. Askotan estrategiek kutxu negatiboa hartzen duten arren, hauek beharrezkoak direla esatera ausartzen naiz. Noizean behin harremanak arrazionalki begiratu eta nola eraikitzen ditugun kontziente izatea, izan amarekin, maitalearekin edota burkidearekin, eta gero bizi!