Zapalduak sentitzen gara mutilen artean soilik begiratzen diren elkarrizketetan. Inongo lanketarik gabeko “erasoen kontrako herri akordioa” delakoaren antzerkipean. Jazarpena pairatzen dugu, erabakitzeko eskubiderik ez dugulako. Espainiako polizia gurutzatzen dugunean. Ikasketak gaztelaniaz burutzera behartzen gaituztenean. Zapalduak, gure gorputzarekin egin nahi duguna errespetatzen ez delako. Edo gure aldarri eta arrazoiketak kontuan hartzen ez direlako.
Intersekzionalitatearen kontzeptuak feminismo beltzean du oinarria. Borroka feminista europearrak proposatutako teoriak ez baitira Amerikako emakume lesbiana beltzek sufritzen duten zapalkuntza osotasunean azaltzeko gai. Patriarkatua, kasu honetan, sistema kapitalista, arrazista eta heteronormatibo batean kokatzen delako, besteak beste.
Jazarpenen identifikazio honi identitateen desenfokatzea eta mailakatzea egozten zaio. Kolpatu denak aterpe berean (klasea kasu) kokatu beharrean, borrokak sailkatu eta banatzea.
Bestalde, gure artean ere zapaltzen garela konturatzera bultzatu gaitu. Begirada zorroztuta, pribilegioei uko egiteko pausoak ematera behartuz.
Baina bide berean gaude, gazteak, emakumeak, militanteak, langileak, elbarriak, lesbianak, gaztetxeroak, etorkinak, zein ikasleak. Ebakidura baino, gure arteko harremana elkargune gisa ulertzeko aukerak ditugulako.