Vox populi

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Martinez Mazaga (Soziologoa) 2018ko abe. 14a, 08:30

Herritarron ahotsa entzuten omen da hauteskundeetan. Botoak vox populi ei dira. Jatorri latindarra duten hitzok hori berori esan nahi baitute: “herriaren ahotsa”. Ingelesek, txikikeriak ere zehazteko joera dutenez, “jendearen iritzia” edota “gehiengoaren iritzia” bezala erabiltzen dute esaera. Gaztelaniaz, aldiz, “vox pópuli” bihurtuta, ezaguna den zerbaiti egiten diote erreferentzia hitzok.

Ezaguna da 395.978 andaluziarrek euren botoa eman ziotela Vox-i abenduaren 2an. Aurreikusi gabeko emaitzak bazterrak astindu ditu egun batzuez. Ezaguna da milaka analisi politiko, soziologiko eta ekonomiko egin direla honen bueltan hitz azkarrez. Beraz, zenbakien azterketa ere egin dute, asko edo gutxi ote diren ebatzi nahian. Ezaguna da boto-emaile horiek eskuineko eskuindarrenak, faxista modernoak edota noraezean dabiltzan desengainatuak ote diren zehazteko asmoz, hamaika hausnarketa kualitatibo lausotuak plazaratu direla. Ezaguna da gainontzeko alderdi guztiek ez dutela gaitzetsi Vox-ekin paktua egitearen komenentzia. Ezaguna da boterea eskuetan izatearen grinak edozein langa gainditzeko gai egiten dituela egungo politikariak.

Klima-aldaketaren adierazle berria dugu Andaluziako “herriaren ahotsa”. Eta, klima-aldaketaren eraginez ate joka dugun etorkizuna iluna da. Uholdeak, lehorteak, sasoiz kanpoko urakanak eta bestelako muturreko gertakariak baititu ezaugarri klima-aldaketak. “Vox pópuli” da mundua pikutara doala. Hala ere, badira ukatu ere egiten dutenak.

Gertatzen ari dena ukatzea ez da doanekoa Juan Debalde. Gaurko klima politikoak muturreko gertakari beltzak dakartza zeruertzera. Prest ote gaude? Izan dadila ezetza vox populi, herriaren ahotsa, gehiengoaren iritzia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!