Lan kontuak direla, eta adina ere, aitortu beharra dago Bizkaia Silver Week-en ikusle moduan egon naizela eta ekintzailea sentitzen naizenez oraindino, Biscay Star Up Campus-era joan nintzen, nire ideiek bideragarritasunik duten ikusteko.
Hamaika kontu interesgarri ezagutu nituen bertan: Biscay Marine Energy Platform, Basque Cybersecurity Centre, Basque Culinary Center, Basque Center on Cognition, Brain and Language…, denak Basque. Beraz, primeran.
Asteburuan planak egiteko orduan erabaki ezinik ibili naiz: 2012an European Green Capital izan zen Gasteizera joan, slow city-a den Lekeitio bisitatu edota The 2018 European City of the Year den Bilbora joan. Azkenean, Basque Ultra Trail Series zirkuituko proba bat ikustera animatu ginen.
Ez da erraza basque boomer woman bat izatea. Badakizue, baby boom aroan jaio nintzen eta horrek arrastoak utzi dizkit. Baina ez dizuet egingo nire bizitzaren spoiler bat, ezta gogoko dudan abestiaren cover-a ere.
Egun hamaika zalantza ditut eta bat da nagusi: zer izan, ahobizi ala belarriprest? Erabaki bat hartu beharrean nago, baina zer nahi duzue esatea, dirudienez euskaldunok premiazkoagoa dugu First Certificate ateratzeko bideak urratzea, Basque Country-n murgilduta baikaude. Bye!