Eguzkiak ematen digun alegrantziaren eta beroaren gose gara gizakiak. Horren seinale dira hondartzan egiten ditugun elkarrateratze masiboak, argi izpiek gure gorputza berotu eta larruazala belztu dezaten. Azaleko kolore aldaketaren erantzule nagusia erradiazio ultramorea da eta badakigu honen azpian denbora larregi pasatzea kaltegarria dela. Hala ere, ez diogu errespetu handirik erradiazioari eta erraz ahazten dugu azala belzteak baduela alde iluna: melanomak.
Azaleko minbizien artean melanomak ditu ondorio latzenak eta hauen eragina bikoiztu egin da gurean azken hamar urteotan. Iaz %10 hazi zen hauen inzidentzia. Izan ere, bost melanoma kasutik lau herrialde garatuetan diagnostikatzen dira, gehienak Europan.
Minbizien rakinga eginez gero, ikusiko dugu larruazaleko minbizia bederatzigarren postuan dagoela europar kontinentean. Emakumeek gehien pairatzen dituzten minbizien artean, bederatzigarrena da ere, eta hamahirugarrena gizonezkoen artean. Hondartza bazterretan ikusi ditugu larruazaleko minbiziari buruz ohartarazten duten postuak. Azaleko pigmentazioa aztertu eta erradiazio ultramoreetatik babesteko eguzkitako babes-krema zehatza gomendatzen digute. Eguzkiari kateatuak bizitzeak baditu mugak.
Duela egun batzuk Twitterren irakurri nuen eguzki kontuetan iparra galdu dugula. Erradiazio ultramoreen eraginez kiskaltzeko prest gaude eta, aldiz, kanpaina sutsuak egiten ditugu WiFiko uhinen ustezko eragina salatzeko, mugikorrak eskuan ditugun bitartean. Kontraesanak. Zoritxarrez, eguzkiak ez gaitu bihurtzen arduratsuagoak.