Jestu horiek hizkerarekin lotuta daude, ekintza zehatzak adierazteko egiten dituzte: ekarri, eman, hartu... Zeinu kontzienteak dira eta hitz egin aurreko etaparen ezaugarri nagusia. Bi urteren bueltan, “hiztegi eztanda” garatzen dute, berba jarioa asko ugaritzen zaie, kasu batzuetan hitzontzi ibiltariak bihurtzen dira.
Ez dezagun pentsa ama hizkuntzaren ikasketa prozesua, euskararen kasuan, bestelakoa denik. Ama hizkuntzaren jabekuntzak ildo bertsuak ditu haurtzaroan gainontzeko hizkuntzetan ere. Esaterako, 31 hizkuntzen (euskara barne) jabekuntza prozesuari buruzko ikerketa batek erakutsi du umeek hurrenkera berean ikasten dituztela kuantifikatzaileen esanahia eta erabilera. Beraz zenbakiak eta ‘guztiak‘, ‘bat ere ez‘, ‘batzuk‘ edota ‘gehienak‘ kuantifikatzaileak ordena berdinean ikasten ditu euskaldunak edo ingelesak.
Gizakiok 60.000 hitz erabiltzeko gaitasuna daukagu. Ez da kopuru eskasa, kontua da zelan garatzen dugun gaitasun hori. Txikitan ematen den “hiztegi danbada”ren kontrakoa erakusten dute nerabeek: “hiztegi isila edo murritza”. Antza, nerabezaroaren ezaugarriak eta teknologia berrien moldeak dira honen erantzule. Agian, hori da arrazoia edozein galdera, egoera edo gertakariren aurrean gure etxeko gazteen erantzuna bakarra izatea beti: “sin mas”. Ulertu nahi nuke 60.000 hitz erabiltzeko gai izanik zergatik moda hau. Beste barik. Barkatu, sin mas.