Eskola-jazarpena

Ezin du lorik egin. Astelehenean institutura bueltatu behar da. Badira pare bat urte gauzak bestelakoak direla. Haur hezkuntzatik lagun zituenak albo batera uzten hasi ziren.

Jolas-orduetan koadrilakoek ez diote berbarik egiten, ez diete bere galderei erantzuten, ezta euren hizketaldietan onartu ere. Ikasgelan burlaz hartzen dituzte esaten dituenak. Komentario gordinak entzuten ditu janzkera dela, aurpegiko granoak direla, edozer dela.

Betiko Whatssap taldea desagertu egin zen, lagunek alde egin zuten handik. Beste bat sortu zuten asteburuetako hitzorduak egiteko, bera bazterrean utzita. Taldeko planetatik at gelditu da.
Badira institututik kanpo berarekin bat egin eta ondo tratatzen duten lagun apur batzuk. Baina hauek trakets, zakar eta oldarkor hartzen dute taldean daudenean.

Izaera aldaketa nerabezaroko kontuen eraginez izango zela pentsatu zuten gurasoek, baina bazegoen zerbait gehiago. Asteburuetan ez da etxetik irteten, ez da lagunekin gelditzen, urteetan praktikatzen duen kirola utzi nahi du, artega dago, triste, ez du lorik egiten, gaizki jaten du, antsietatea sumatzen zaio, ez du ikastetxera joan nahi, ateak itxi dizkiote. Aitak eta amak errealitatearekin topo egin dute duela gutxi, jazarpena pairatzen du eta itxitako atearen ordez milaka leiho irekitzen lagundu nahi diote.

2016an 12-17 urte bitarteko 10 gaztetik bik sufritu zuten eskola-jazarpena, UNESCOren ikerketa baten arabera. 2017an 10etik 3 ziren. Astelehena begi-bistan dago eta hamaika ume eta gaztek ezingo du lorik egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!