Magnitude matematikoa neurgarria den multzo bateko objektuei ematen zaien banakako balioa da. Magnitude horien ezaugarrietako bat da konparagarriak direla: “hau baino gehiago”, “gutxiago”, “honen berdina”. Horrez gain, magnitudeak zuzenki proportzionalak izan daitezke edota alderantziz proportzionalak. Bigarrenaren kasuan, “gehiagori” gutxiago dakogio edota “gutxiagori” gehiago. Adibidez, zenbat eta abiadura gehiago denbora gutxiago tardatuko dugu distantzia bat egiten.
Urriaren 1ean Kataluniako erreferendumean Espainiak haren magnitudea erakutsi du, alderantziz proportzionala da. Zenbat eta konbergentzia politiko gehiago behar, are eta elkarrizketa gutxiago bideratu du. Zenbat eta ardura eta errespetu gehiagoz jokatu behar, begirune gutxiago erakutsi du. Sen ona behar zenean are eta fundamentu eskasagoa.
“Eseri-eta-itxaron” erako presidentea duen gobernu batek ez du inoiz erakutsiko neurri politiko proportzionatua. Harrapakinaren zain egongo da, hau noiz hurbildu itxaroten berau irensteko. Eta Katalunia mokadu gozoa da. 2016. urtean estatu espainolaren Barne Produktu Gordinaren %19a suposatu zuen Kataluniak eta aurten %21a izatera iritsi daiteke. Barne Produktu Gordina herrialdeen jarduera ekonomikoa neurtzeko balio duen magnitudea da, magnitude makroekonomikoa. Horra hor ehunekotan Espainiako kezkaren gakoa, Kataluinaren magnitudea. Eta hau ez da edozelakoa.