Nonbait ikastetxean ebaluazio proba batzuk egin zizkieten 11 eta 12 urteko gazteei, eta emaitzak ez ziren onak izan. Probek adierazi zuten hainbatek ez zekitela lurrak eguzkiari bira ematen zion edo ez, ortografia ez zuten menperatzen eta ezin esan, hizkuntza jabekuntzari zegokionez, eleanitzak zirenik. Horrez gain, gero eta indibidualistagoak zirela adierazten zuten probok, talde lanean ekitea kosta egiten zitzaiela.
Panorama horren aurrean guraso batek ozen esan zuen arazoa “hezkuntza sisteman” dagoela, eta hantxe amaitu zuten hausnarketa.
Hezkuntzan jartzen dugu gure seme-alabekiko hainbat ardura. Zehaztu diogu eginkizun gisa haur eta gazteak heztea, prestatzea, euskalduntzea, eta adimentsuak, sortzaileak, kritikoak, adeitsuak, ekintzaileak, autonomoak… bihurtzea.
Posiblea da? Ikerketek adierazten dute haurrek denbora gehiago pasatzen dutela eskolatik kanpo bertan baino, eta kanpoko horrek pisu handiagoa duela haiengan. Esaterako, Lehen Hezkuntzako ume batek urteko orduen %8 baino ez du pasatzen ikasgelan. Egin kontu: eskola gabeko egunak (oporrak, jaiegunak eta asteburuak), lotan ematen dituzten orduak, otorduak, joan-etorriak, eskolaz kanpoko jardunak, etxean daudenak, lagunekin… urteak 8.760 ordu baditu, 1.003 ordu dira urtero ikastetxean ematen direnak, eta horietatik 730 gela barruan.
Beraz, ondo legoke eskolatik haragoko ardura neurtzea eta etxetik hastea.