Mihi gezurtien ibilbidea

Haurrek txikitan antzematen dute zer den gezurra. Hiru-lau urte bete ondoren ematen diote hasiera gezurrak esateari.

Ikerketek diotenez, umeek hainbat arrazoi dituzte gezurretan hasteko. Adibidez, zigorra ekiditeko, minik ez emateko edota zerbait lortzeko. Egia esan, gutxi dugu haurrei leporatzeko, izan ere, gurasook txikitatik esaten dizkiegu gezurrak. Gabonetako gezur-andana, esaterako.

Bitxia bada ere, gure garuna ohitu egiten da gezurrak esatera. Hori da Londresko University Collegeko ikertzaileek ondorioztatu dutena egindako lan batean. Zenbat eta gezur gehiago esan orduan eta erosoago sentitzen gara. Hasieran gaizki sentitzen bagara ere, gure garunak albo batera uzten du gezur bat esaterakoan sentitzen dugun lehen uneko ezinegona. Hortik aurrera errazagoa egiten zaigu gezur handiagoak botatzea.

Honen gakoa gure burmuinean dagoen amigdalak du. Amigdalak gure erantzun emozionalak prozesatzen ditu: beldurra, poza, tristura, ustekabea, higuina eta haserrea. Lehenengo gezurra esaterakoan amigdalak sentipen negatiboa sortzen du, higuina, ezinegona sortzen digu, eta horrek gerarazten du hurrengo gezurra. Baina bigarren bat esaten badugu, amigdalaren erantzun ezkorra ez da izango lehena bestekoa, makaldu egingo da, eta hurrengoarekin are gehiago. Behin amigdalaren langa gaindituta eragozpen gutxiago ditugu zurikerietan ibiltzeko.

Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, txarto dagoenari edo immorala deritzogunari higuina dio gure amigdalak, baina higuina lausotuz doa gezurrak errepikatzen ditugun neurrian, eta gero eta errazago botatzen ditugu.
Hortxe hasten da, antza, mihi gezurtien ibilbidea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!