Izan ere, gizakion eboluzioan baditugu katebegi galduak. Hala ere, gauza bat badakigu, euskaldunok eta gainontzeko gizakiok Afrikan dugu sorlekua. Handik gatoz, bai.
Afrikatik irten eta bestelako lurraldeetara joan ziren gure arbasoak. Bide berdina egin zuen Gambian jaio eta urtarrilaren 22an Veneziako Kanal Handian ito zen gazteak. Makina bat begiren aurrean urperatu zen eta hainbatek grabatu zuen gertatutakoa. Telebistan eta komunikabideetan irudiak zabaldu eta polemika piztu da inork ez baitzuen uretara salto egin gazteari laguntza emateko. Vaporetto ontzietatik flotagailuren bat bota zioten. Antza, Veneziako kanaletako ontzien protokoloaren arabera, hori da prozedura egokia. Baina gaztea ez zen heldu.
Hari begira zeuden homo sapiens petoek “zoaz Afrikara!”, “alde zure herrira!”, “Afrikara, beltza!” garrasi egiten zioten bitartean uretan desagertu zen. Badira ere bideo grabazioetan barrezka entzuten direnak gaztea flotagailura hurbildu ezinik dagoelako.
Komunikabideetan zabaldu da bere buruaz beste egin nahi zuela. Italian epaile batek kasua argitzeko ikerketa bideratu du. Hipotesien artean igeri egiten dugun bitartean, gertatutakoak aztarna garbiak utzi dizkigu. Agerian utzi du gizakion eboluzio bidean sortutako espezie mespretxagarria: homo sapiens bihotz-beltzduna.