Tranpolinetik salto egin dute amerikanuek ere, telebistan ikusteko aukera izan genituen Euskal Herritik joandako euskaldunen ondorengoak, Trumpen alde hitz egiten euskara garbian. Euren esanetan, Trumpek basaz lohitutako historia zuen, baina esandakoa egiteko gai omen da, eta Clinton, aldiz, gezurti hutsa da, beraz, ezin fidatu hark esandakoaz.
Lokatzak irabazi du, eta mundua nora ezean joan da momentu batez.
Burtsek jaitsiera nabarmenak pairatu zituzten lehen orduetan. Europako alderdi eskuindar erradikalenak biziki poztu ziren, eta Marine Le Penek pozik zoriondu zuen Trump. Munduko agintariek, ustekabearen aurrean, birkokatzeko tarte bat behar izan zuten, baina adierazpen bateratzaile eta adeitsuak bota dituzte egunotan. AEBetako presidente berria elkarren arteko harremanak sendotzeko onuragarria izango dela esaten entzun nion Alfonso Dastis Espainiako atzerri-ministroari asteazkenean, 9:30etan. Plaust! Dena ondo bidean ostera.
Estatubatuarrek tranpolinetik salto egin dute, ez dakigu urperatu edo bizirauteko gai izango diren. Guk zipriztinak nabarituko ditugu. Baina ez bota errua Trumperi. Azken batean, gure aititak esaten zuen moduan, “zelako elizaldea, halako abadea”. Merezi duten presidentea dute, sinistu ezinik gabiltzan arren.