“Txikiak bai, baina ez eskasak”

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Martinez Mazaga (Soziologoa) 2016ko urr. 6a, 08:30

Albistegia ikusten nengoela, berri batek nire arreta bereganatu zuen aurreko astean. Euskal Herriko produkzio zientifikoa zen gaia, eta bertako bi ikerketa zentroko ikertzaileak kamera aurrean ikusi nituen, euren lanaz hitz egiten: itsasoa ikergai duen AZTIko eta garunaren sekretuak ikertzen dituen BCBLko zientzialariak ziren. Biak erreferentziazko zentroak dira Europan.

Ez da ohikoa zientzia-gaiak albistegi nagusietako protagonista izatea. Izan ere, komunikabideek gutxi erreparatzen diote zientziari. Albistegien denboraren %2,1 zientzia-gaiei ematen zaie, %45, aldiz, kirolari eta politikari.

Ez da ohikoa gure herrian garatzen diren ikerketak izatea hizpide. Nature, Science eta horrelako aldizkarietan agertzen diren nazioarteko ikerketen berri ematen baita hedabideetan. Iaz, esaterako, EAEn eta Nafarroan aurkeztu ziren tesien %8k izan zuen nolabaiteko oihartzuna komunikabideetan, 652 ikerlanetik 52k.

Ikerketek adirazten dute eskasia informatiboa dagoela osasun-, ingurugiro-, zientzia-, teknologia- eta kontsumo-gaietan. Ematen den informazioa gizarteak eskatzen duena baino txikiagoa da. Bestalde, kirolei, politika eta famatuei buruz daukagun interesa baino informazio kopuru handiagoa eskaintzen digute hedabideek.

Bai, hedabideek “salgarriak” diren gaiei so egiten diete baina, ez al da salgarria EHUko ikertzaileek zeliakiarekin lotutako geneak aurkitu izana edo gure osasunean ondorioak dituen bakterio berri bat? Herri txikia gara, baina ez eskasa. Zientzia arloan ere bagara, komunikabideetan agertu ez arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!