Mundu mailan, milioi bat biztanleko hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea da Euskal Herria. Europako kutsatze-maila altuenetakoa dugu. Nor da baina, egoera honen arduraduna? Urte luzez, ez dituzte beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintzan, hezkuntzan ezta gizarte arloan ere. Kontrara, murrizketak etengabeak izan dira aipatutako esparruetan. Orain, kudeaketa modu honen ondorioak jasaten ari gara, eta hori gutxi balitz, herritarrok egin nahi gaituzte egungo egoeraren erantzule.
Eredu pribatua lehenesten duten politiken lekuko gara. Herritarron ahalegin ekonomikoari esker sortutako azpiegitura eta baliabideak, esku pribatuetan jartzeko lotsarik ez dute, eta pribatizazio prozesuen ondorio da, adibidez, erresidentzietan
gertatu dena. Herri honen kudeatzaile lez beraien burua maisu-maistratzat dutenek, sistema publikoa desegin eta eredu pribatua indartuz, euskal jendartearen etorkizuna kolokan jartzen ari dira. Eredu neoliberalaren ondorioak gogotik ordaintzen ari gara.
Ekonomia salbatzeko formula, birusarekin elkarbizitzea dela esan digute. Denak ez du balio, langileon osasuna lehentasunezkoa da. Argi dago pandemiak honezkero ondorio larriak eragin dituela panorama sozioekonomikoan, eta horiei heltzeko garaia da. Alde batetik, urgentziazko neurriek ezin dute gehiago itxaron, osasunean inbertsio publikoa biderkatu beharra dago, eta sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenak babesteko laguntza ekonomikoak martxan jarri. Kultura, komertzio txikia, enplegua... ezin dira hiltzen utzi. Bestalde, egungo sistemarekin hautsi eta bizitza eta ama-lurra erdigunean jarriko dituen eredua borrokatzeko ere, aukera ezin hobea zabaldu zaigu.
Bistan da, hala ere, Eusko Jaurlaritza nola Frantziar eta Espainiar gobernuak ez doazela norabide horretan. Elorrion, horren adibide argia dugu, burua altxatu eta Aidasu, Iguria aldera begiratzen badugu. Inora ez garamatzan Abiadura Handiko
Trenean ari dira diru publikoa xahutzen, eta berriro diogu, ez dugu nahi interes neoliberalak babestu eta gure bizitzak eta lurraldea aintzat hartzen ez dituen munstrorik ez eta erabakirik ere! Pandemiak areagotu dituen behar sozioekonomiko
larriei aurre egiteko ordua da, eta diru publikoa horretara bideratu dadin exijitzen dugu!
Zentzu honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da gure oraina eta etorkizuna erabakitzeko tresnak eskuratzea. Burujabetza da guzti honi aurre egiteko formula eraginkorrena, eraldaketa sozioekonomikoa ez baita posible izango arrotzak zaizkigun
gobernuek gure gain erabakiak hartzen jarraitu bitartean.
Mobilizaziorako eta borrokan jarraitzeko unea da, apirilaren 18an Elorrion, eta apirilaren 22an gehiengo sindikalak deitutako Zerbitzu Publikoen defentsarako greban, kalera ateratzeko deia luzatzen dugu, zerbitzu publikoen eta pandemiak kaltetutako
sektoreen defentsan, eraldaketa sozioekonomikoa posible dela irudikatu dezagun!
Herri honek duen sen komunitarioa, gure baliorik onena, elikatzen jarraitu behar dugu: elkartzen gaituena lehenetsiz, desberdinen arteko auzolana eginez eta interes indibidualen gainetik, interes kolektiboen alde dena emanez!
Ozen diogu, LEHENIK HERRIA! ANTOLATU GAITEZEN!