Katebegiak

Erabiltzailearen aurpegia Sergio Murillo Corzo (Ekonomialaria)

Bizi ditugun desegonkortasun garaiotan, dana hain aldakorra dan historiako momentu honetan, hauspo luzeko ahaleginak azpimarratu behar doguz. Urrunago joan barik, irakurle, lerro honeek irakurtzen zabilzan astekari hau orain dala hogeita bost urte sortu zan. Maila pertsonalagoan eragiten deustan Orue egoitzak ere mende laurdena beteten dau aurten. Ez bata ez bestea ez ziran, eta ez dira, egitasmo errezak; bai, ostera, behar-beharrezkoak. Zorionekoa naz, baita zu be, irakurle, egitasmo honeei ekarpen txikitxo bat egiteko aukera daukagulako.

Sarritan, emaitzei begiratzen deutsegu, baina gitxitan gogoratzen gara hasierako pausoa emon ebenakaz. Ez ziran etorkizunaren jabe; etorkizuna irudikatu eta eraikitzeko konpromisoa hartu eben.

Kate baten katebegiak lez, aurrekoek ekin eben bidea jaso eta hurrengoei transmititzen deutsegu. Ez gara lehenengoak, ezta azkenekoak ere. Etorri, eutsi eta lekukoa emoten jakin behar dogu. Kateak eten ez daitezan, belaunaldi bakoitzak bere katebegia gehitu behar deutso.

Datozen garaiak ez dira errazagoak izango. Horregaitik, herrigintzako hauspo luzeko egitasmoak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Izan bitez gaurko lerrook aitzindarien gorazarrea, garai bakotzeko katebegien aintzatespena eta datozen beste hogeita bost urteetarako hauspoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!