(Alkar)bizitza jokoan

Erabiltzailearen aurpegia Sergio Murillo Corzo (Ekonomialaria) 2026ko ekainaren 12a

Gaur indarrean sartzen dira Europako Asilo eta Migrazio Ituna izenez ezagutzen diran agintarauak. Araudi konplexua eta zabala da; aditua ez dan edonorentzat, irisgaitza.

Lerro honeetan ezin daiteke argi nahikorik jarri Europar Batasun osoan gaurtik daukagun lege esparru honen inguruan. Baina izan bedi adi egoteko dei bat. Bihar, egunero lez, etxe ondoko tabernara kafea hartzera joanda, hau itxita topatu zeinke. Ahmed gaur ez da bertaratu, ezin dau lanik egin. Marokora bueltatu da, lan kontratu egonkorrik ez daukalako. Herrian zabalik gelditzen zan taberna bakarra da Ahmedek goizero zabaltzen ebana, herrikideon alkargune bakarrenetarikoa. Nahikoa ardurarik ez, eta etxera bueltan zure auzokidea dan jatorri kolonbiarreko Gladis hurbiltzen bajatzu, adi: bere herrialdera bueltatzera behartuta dago. Uda honetan osasungintzan lan egiteko esperantzan, medikuntzako formakuntzaren balioespenaren zain egoan. Ez da heldu. Egoitza baimenik ez, lan kontratua sinatu ezinik, akabo amestutako bizitza barria… eta akabo gure herriko kontsultategian uda honetan medikua izateko lasaitasuna.

Ziurrenik ez dira horrelakoak bihar bertan gertatuko, araudi barriak ahalbidetzen dauzan egoerak izan arren. Eta ez, ez dira besteen arazoak; zure, bere eta nire bizitza dira. Alkarbizitza dago jokoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!