Penaz heltzen deutsat gai honi gaurkoan, besteak beste, Euskararen Legeak, 1982koa danak, bideratutako afera dalako (6. eta 14. artikuluetan) eta 43 urte geroago puri-purian egoteak asko penatzen naualako. Penaz, zelan ez!, orduko kontsentsu zabala berresteko zailtasunak ikusten dodazalako, eta penaz, baita ere, gure erakundeekaz gure hizkuntzan jarduteko eskubidea aldarrikatu behar izatea nekagarria dalako.
Gurea bezalako herri txikietan, langile publikoen hizkuntza gaitasunen eztabaida beste maila baten egon beharko litzateke. Esaterako, langile publikoen ingeles ezagutzaz eztabaidatu behar geunke, mundu zabaleko azken jakintza eskura euki dagien zerbitzu publikoa modurik eraginkorrenean gauzateko. Baita benetazko osasun- edo hezkuntza-inklusioan, etorkinen hizkuntzen gitxieneko ezagutza izateak euki daikean garrantziaz hausnartu ere. Aldiz, argi dago beste maila batean gagozala.