Adimen Artifiziala arimaz janztea

Erabiltzailearen aurpegia Sergio Murillo Corzo (Ekonomialaria) 2025ko urr. 10a, 08:23

Lanerako bidea irratia entzuteko aprobetxatzen dot. Musikak eta berbek betetzen dabe tartetxo hori. Gehienetan arreta gehiegi jarri barik entzuten dot… baina munduko lekuren baten pertsona bat jardunean dabilena jakiteak neurri bateko lasaitasuna emoten deust. Horrelako joan-etorri baten, Adimen Artifiziala abestiak sortzeko eta abesteko gai dana esan dau irratsaioa gidatzen dauan esatariak. Ezin ei da antzemon giza abesti batekiko aldea.

Zer pentsatu emon deust horrek. Badakit Adimen Artifiziala gizaki zehatz batzuek programatu dabena, beraz, hori ere giza-sorkuntzatzat jo geinkela. Giza-aurrerabidean hurrengo pauso handietako baten gakoa izan daitekeanaz ere konsziente naz. Baina ba al dauka arimarik? Esataria Adimen Artifiziala bada, zein da gidaria?

Gizarte zerbitzuetan askotan esaten dogu, teknikoki zerbitzurik onenak izanda ere, pertsonok gure sentipen berberak izateko gai diran beste gizabereen beharra daukaguna… gure berezitasuna eta egiazkotasuna aintzatesten dabezanak. Aintzatetsi, sentitu… adimenagaz baino, arimagaz egiten doguzan giza-jarduerak dira. Eta niretzat daukat, Adimen Artifizialaren garapenari jarri behar deutsagun lehenengo baldintza horixe dala, sortzetik, programatzen danetik, arimaz janztea, giza-mugez, erizpide etikoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!