Fabrikatik fabrikara

Durangaldeko jarduera ekonomikoaren heren bat baino gehixeago (% 35,8) industrian oinarritzen da. Gure ingurua fabrikaz ondo hornituta dago, beste euskal herrialdeekaz alderatuz bereziki (% 25 inguru). Fabriketan eskaintzen diran ordainsariak eta egonkortasuna ohi baino hobeak dira eta, neurri baten, eskualdean daukagun eros-ahalmen nabarmena azaltzen dabe.

Garai zailak datoz gure industriaren zati handi batentzat. Epe laburrean, aldagai geopolitiko globalek eragin handia eukiko dabe euren lan kargan, muga-zergek esaterako. Epe ertainean ere, gure inguruan daukagun autogintzako industria jauzi teknologiko barria egitera behartuta dago, besteak beste, erregai barriztagarriak lehenestea datorrelako. Holan bada, Ibaizabal errekaren ibilguan, beheraxeago, Basaurin, auto gurpilak ekoizten dauzan enpresak iragarritako barri kezkagarrien itxurako beste batzuk zabaldu daitekez ibaian gora.

Holan izanagatik ere, epe luzera begira industrian oinarritzen jarraitu behar dogu gure jarduera ekonomikoa, bizi-kalitate maila altua bermatze aldera. Beraz, atzerapenik barik, etorkizuneko fabrikak diseinatzeko eta errotzeko egitasmo estrategikoen garaia ere bada Durangaldean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!